Modulua - Kike Amonarriz
Aniztasuna lantzen jarraituz, hizkuntza aniztasunari heldu diogu Kike Amonarriz soziolinguista tolosarraren bisitarekin. Hitzaldi honetan, euskararen egoeraren inguruan hainbat aipamen eta azalpen eman zizkigun hizlariak. Euskarak izan duen bilakaerari heldu zion, gure etorkizuneko lanbidea izango den irakaskuntzarekin loturak egin eta eleaniztasunari aipamena eginez.
Amonarrizek aipatutako ideien artean, ezaguna da euskararen jakintza gero eta handiagoa dela. Hala ere, deigarria egin zitzaigun erabileraren proportzioa oso baxua dela jakitea. Hezkuntzari esker, ia haur guztiek euskaraz ikasten dute, gehienak D ereduan, eta horregatik da euskararen jakintza maila hain altua. Baina erabilerari dagokionez aldiz, pertsona askok euskararen erabilera eskola eremura soilik mugatzen dute, batzuetan hau irakasteko erabiltzen den modu ez hain egokiarekin lotzen dutelarik. Familia-eremuan eta kalean hizkuntzaren erabilerak ez du aldaketa handirik eduki eta hau da euskarak gaur egun duen erronka handienetako bat, euskararen erabilera zabaldu eta handitzea.
Ideia hori hezkuntzara ekarriz, egungo eskola eleanitzak euskara irakatsi edo euskal hiztun aktiboak sortzen dituen galdetu zigun Amonarrizek. Ideia horri, hain ohikoak diren eskolaz kanpoko ekintzetan euskararen erabilera handitzea komeni dela gehitu zion, haur askok, euskara eskolan soilik erabiltzen baitute eta ez dute eskolaz kanpoko bizitza euskaraz egiteko ohitura edo gaitasunik. Horregatik, euskararen erabilera bultzako duten ekintzak eta irtenbideak aurkitu behar direla uste dugu, haurrek, eskolaz kanpo ere euskaraz aritzeko guneak daudela ulertuko dute eta euskara gehiago erabiltzeko mekanismoak barneratzen joango dira pixkanaka.
Hori horrela izanik, hezkuntzak euskara irakastearekin batera, euskal hiztunak sortzearen aldeko apustua egin behar duela ikusi dugu, guk etorkizunean izango dugun lanbidearen garrantziaz ohartu eta gure jarrerak izango duen balioa azpimarratzearekin batera. Euskara erakustearekin soilik ez baita nahikoa, erabili egin behar da!
Iruzkinak
Argitaratu iruzkina